XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Neska pittin bat lotsatu zen, zeina Luisi gustatu zitzaion.

Lagunei esan zien: - Barku batetan oso ongi konpontzen nintzen mariñel bat izan genian hemengoa, eta elkarri hitz kurioso pare bat erakutsi genioken.

- Eta, zer esan diok?- galdetu zion Joxemik, inbidiazko doinutto batekin.

- Ea zer moduz zegoen... Gehiago ez zekiat eta!

Kale luze bateko jatetxe zikin batetan afaldu zuten.

Haragi puxketa naranjez apainduriko arroz marroiska sartu-ala, Joxemiri displazerrezko espresioa areagotzen zitzaion, baina Luisen eta Patricioren kokotzak erritmikoki mugitzen zirenez, apetito falta alegatu zuen.

Teak eta zerbezak sabore txarrak ahaztuerazi zizkieten eta munduaren handitasuna gogoerazi.

- Indonesiak - esan zuen Joxemik, lagunak inpresionatzekotan - hirurogei aldiz zeukak Euskadiko populazioa...

Oreka zaila zegok alderdi hauetan... Alde batera, Indonesia eta hauek, Singapur eta Malasia, amerikanoek aldebat harrapatuak.

Beste alde batera, Vietnam eta... nola dituk horiek? Horiekin kasu...! Birmania, bere gisa zebilek; bere gisa, ez dago malo.

Gero Txina, hor goragoan, goitik behera edo behetik gora edo badakit nik zertan dabilen... Japonek ere eskua leihotik atera eta heldu egiten dik...

Interes guztiak lotzen dituk hemen eta gerra bat izango duk.

- Gerra? Ez duk gerrarik izango!- baieztatu zuen Luisek; baina lurrari begira zegoen.

- Ezetz? Egon!- esan zuen Joxemik, krudelki.

- Ez motel!- eutsi zion Luisek gogorki.

Patricio kokarik gabe munduan oso estraino sentitzen zen, baina orain, ahots poetikoaz interbenitu zuen: - Vietnamek ez du utziko gerra egon dadin.